Ikus dezagun etorkizunera

Teresa Laespada. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatua

Etorkizunari zorrotz begiratzeko unea iritsi da. Goren mailako oso akademiko gutxik jartzen dute zalantzan pandemiaren ondorio sozial, ekonomiko eta sanitarioek bizkortuko duten aldaketa sozial malkartsu baten aurrean gaudela. Teknologien, mugikortasunaren, deslokalizazio ekonomikoaren, mundu mailako ondasun eta kapitalen fluxuaren, informazioaren trukearen azkartasunaren eta abarren eskutik aldaketa global disruptiboak izaten ari ginen, eta, horrek guztiak funtsezko aldaketak igartzen eta aurreratzen zizkigun. Ez genekiena zera da: ea XXI. mendeko lehen laurden hau historiaren aldi berri bat markatzen ari ote zen edo aro berri baten aurrean ote geunden. Pandemia shock malkartsu, ustekabeko eta traumatikoa izan da, eta proba egin ditu gure osasun- eta ongizate-sistemak, ekonomiak eta erreserbako stockak maneiatzeko gaitasunak, bai eta premiazko egokitzapen berehalako eta malgurako gaitasun sozial eta politikoak ere.

Dena dela, perspektiban begiratuta, fenomeno sozial, ekonomiko eta makroegitura sozial guztiei so egiten badiegu, erraz ikusiko dugu aspalditik ari ginela aldaketaren oinarriak ezartzen, baina norabidea zehaztu gabe… erraz egiazta baitaiteke aldaketa ari zela gertatzen. Aldaketa bat-batean etorri zaigu, bizkorragotuta, eta gizarteak egokitu beharko du ezarritako erritmora.

Horregatik gaude gizateriarentzako benetako aukera baten aurrean. Giza Eskubideetan oinarritutako munduko ordena berri baten oinarriak finkatzera eraman gaitzakeen aldaketaren buru gara, norbanako bakoitzarenganako errespetuan, pertsona hutsa den aldetik, ingurumenaren aldeko errespetu sakonean, babesten gaituen etxe abegitsua den aldetik, betiere ondasuna eta ongizatea partekatzen dituen eredu ekonomiko-digitalerantz aurrera eginez. Alternatiba ezin da izan gure autosuntsiketarantz joatea. Pandemia benetako aukera bat da gure norabidearen noranzko berria aukeratzeko.

Inoiz ez da erraza izan enplegu-politikak kudeatzea. Baina uste dut inoiz baino beharrezkoagoa dela, zilegi bazait, gure ahaleginak nora bideratu behar ditugun argi izatea, zein norabidetara. Eta horixe egin dugu. Udaberriko konfinamenduaren denboraren zati handi bat Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegagarritasun-okupagarritasuneko politikak nora bideratu jakiteko erabili dugu. Lehen fasean, talka-fasean, duela hilabete batzuk presazko plan bat aktibatu genuen, bederatzi programatan banatutako zuzeneko jarduketa-neurriak ezarrita. Unibertsitate honek berak, Bizkaiko campuseko unibertsitateekin batera, parte hartu zuen ekimenetako batean. Guztiz premiazkoa den horretan jarri dugu arreta:  enplegua mantentzeko eta sortzeko lanean, kontratazioa sustatzeko eta enpresei zuzeneko laguntzak emateko programen bidez (Manten, Kontrata eta Kontrata 30).  Eusteko koltxoia. Bestalde, enplegua bultzatzearen eta berroneratzearen aldeko apustua ere egin dugu: 3R programak (unibertsitateak, lokalak eta enpresa), birorientatzeko, birkualifikatzeko eta birkokatzeko lana aurrera eramanez.  Era berean, datuen analitikan ere arreta handia jarri dugu, ebidentzia zientifikoa duten politika publikoak garatzeko.

Baina ez gara hor geratu. Ibilbide luzeagoko plan malgu eta moldagarri bat behar zen. Horregatik, osasun, ekonomia eta gizarte garai berriaren eskakizunetara egokitutako legealdi-plan bat ari gara martxan jartzen.  ‘2020-2023 Enplegu Plan’ honek langabeei begiratzen die, bereziki kaltetuenei eta ahulenei, eta, aldi berean, enpresei behar duten talentua txertatzen lagundu nahi die.  Asmo handiko plana da, 16 helburu eta 62 ekimen biltzen dituena, eta berrikuntza, elkarrizketa, bizkortasuna eta malgutasuna erabiliz prestatu da. Pertsonak eta enpresak erdigunean daudela.

Justizia soziala eta aurrerapen ekonomikoa behar ditugu, eta horrek Bizkaian dugun talentuaren eta adimenaren % 100 eskatzen du.  Emakumeak, gazteak, baina baita 45 urtetik gorakoak ere, arrisku edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak eta kualifikazio-maila baxuak dituztenak.

Bizkaia ez da uharte bat. Aldundia eragile bat gehiago da herritarrak babesten dituzten erakundeen sare konplexuaren barruan. Azkenean, Europak ulertu du austeritatea ez zela susperraldiaren bidea. Eta Next Generation EU dirua injektatzeak ekarriko duen inbertsio ekonomiko handia efizientziaz eta efikaziaz aprobetxatu behar da. Kontrakoa akats handia izateaz gain, Espainiako kontu sozialen erabateko porrota izango litzateke. Ildo horretatik doaz Espainiako susperraldi-, eraldaketa- eta erresilientzia-programa eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next, bai eta Bizkaiko Aldundiaren ekimen horiek ere.  Europak, Espainiak eta Euskadik ezartzen dituzten ildoetan enplegua sortzea ezinbestekoa da Bizkaiarentzat, eta horretan ari gara; ingurumenaren iraunkortasunari lagunduko dion enplegua, trantsizio digitala ahalbidetuko duen enplegua, zaintzak gizartearen erdigunean jarriko dituen enplegua.

“Zuhaitz bat landatzeko unerik onena duela 20 urte izan zen. Bigarren unerik onena orain da”, dio Txinako esaera zahar batek.  Etorkizun hobea prestatzeko unea da. Aurrera!