Herabaki handia
Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Lan eta Enplegu sailburua
Gogoeta egitea ez dago inoiz soberan; hausnarketak beti izan behar ditugu bidelagun. Baina ez gaituzte analisiak eragindako paralisiaren kontraesanera eraman behar. Duela urtebete foro honetan konfort-eremutik atera eta proiektu berriak probatzeko gonbita luzatu banuen, orain erabaki handiak hartzeko garaia iritsi dela uste dut. Erabaki horiek hartu ala ez hartu, halakoa izango da etorkizuna, pertsona guztientzako enplegu aukerak horren araberakoak izango dira. Eta etengabe prestatzeko aukerak ere gogoan hartu beharko ditugu egokitzeko, garai aldakor eta nahasiak geratzeko etorri baitira.
Izan ere, gizartearen etorkizun hori ikasgeletan jokatu da. Hezkuntzarako eskubidea zenbat eta zabalagoa izan, zenbat eta pertsona gehiagok osatu ahal izan ziklo guztiak, zenbat eta gehiago sartu Unibertsitatera, Euskadik gero eta gehiago egin du aurrera eta gizartea orduan eta berdinagoa izan da. Baina datozen hamarkadetan prestakuntza arautu hori ez da berme nahikoa izango. Beharrezkoa izango da etengabe birziklatzea ere.
Azken hiru urte hauetan, ustekabeko fenomeno sakon eta irismen handikoak bizi izan ditugu eta sekulako asaldura eragin dute. Inguru horretan, argi eta garbi ikusi dugu gobernuek eman dituzten erantzun sozialek, Europatik hasi eta udaletara, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunak ahaztu gabe, ehun ekonomiko osoari eta enpleguari eusteko eta suspertzeko modua eman dietela. Horri esker, 2022aren amaieran inoiz baino pertsona gehiago egon dira kotizatzen, hau da, lanean eta eskubideekin. Gainera, urte horretan gazteen langabezia % 40 murriztu da eta, hala, gure oztoporik handienetako bat zuzendu.
Baina trantsizio digital, energetiko-ekologiko eta demografiko soziosanitario handiek eragindako Iraultza Handi batean gaude; horri gehitu behar zaizkio beste bi fenomeno ere: Erretiro Handia, hamarkada batean, gaur egun lanean ari diren gehienak erretiratzea aurreikusten baita, eta Paradoxa Handia, langileak bilatzen dituzten eta aurkitzen ez dituzten enpresena, eta duintasunez bizitzeko lan bat bilatzen duten eta aurkitzen ez duten pertsonena. Analisi hori beren-beregi landu dugu antolatu ditugun kongresuetan.
Iraultza Handiaren, Erretiro Handiaren eta Paradoxa Handiaren azterketa horretatik Erabaki Handira pasatu behar dugu, denok nahi dugun Euskadi eraikitzeko. Eta denok nahi dugun Euskadi horretan, enpleguak soldata bat izatea ahalbidetu behar du oinarrizko beharrak asetzeko, eskubideak eta aurrerapen profesionalerako aukerak izateko. Zalantzarik gabe, kalitatezko enplegu hori da, zerbitzu publikoen bermearekin batera, desberdintasunaren arrakala deuseztatzeko biderik onena.
Legegintzaldi honetan dagoeneko programa berritzaileak entseatzen ari gara, gazteei zuzendutakoak indartuz, hala nola Lehen Aukera, errelebo-kontratua eta mentorizazioa, lanean hasten direnek erretiroa hartzen dutenen jakintza jaso dezaten. Horri KonektaLan gehituko diogu aurten, talentu guztia eskura izatea ahalbidetuko duen ekosistema, fisikoki dagoen lekuan dagoela.
Baina Lan eta Enplegu Sailaren Erabaki Handia, bokazio erabat iraultzailea duena, enplegu-politika aktiboetarako eskubidea bermatzea izango da, hau da, Lanbide enplegu-zerbitzu publikoak pertsona orori bizitzan zehar prestakuntza jasotzeko eta orientazio pertsonalizatua emateko eskubidea bermatzea. Hori da giza kapital handian, atxiki eta erakarri behar dugun talentu kopuruan, egingo dugun inbertsio handia. Izan ere, giza kapitaleko inbertsioan jokatuko da herrialdeen lehiakortasunaren partida. Euskadik ezin du potentzial hori guztia galtzen utzi.