Foroaren hasieran, Jesús Riañok, Deusto Alumniko zuzendariak, hitza hartu zuen bertaratutako agintariei, babesleei, enpresei eta han zeuden guztiei eskerrak emateko eta harrera egiteko, eta Juan José Etxeberriari, Deustuko Unibertsitateko errektoreari, eman zion hitza. Etxeberriak, protokolozko agurren ondoren, topaketari hasiera eman zion, eta Unibertsitateak graduko edo masterreko ikasketak amaitzen dituztenen enplegagarritasunarekin eta garapen profesionalarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen, prestakuntza-programen kalitatea eguneratzeari, hobetzeari eta etengabe mantentzeari erreparatuz, bai eta gure ikasle ohiak lan-merkatuan hasteko edo txertatzeko aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuari ere, alde batetik. Eta, bestetik, erakunde laguntzaileen beharrei eta eskaerei oso gertutik erantzutea izan zuen gogoan, erakunde horiek izango baitira garapen profesionalerako aukerak eskainiko dizkietenak ikasleei.
Inaugurazio ofizialaren ondoren, Carlos Polo irakasleak, Seidorreko Adimen Artifizialeko zuzendariak, Desafío de la IA y su impacto en el mercado laboral (Adimen artifizialaren erronka eta horrek lan-merkatuan duen eragina) izeneko hitzaldia eskaini zuen. Adimen artifiziala agertzeak enpleguan eragin negatiboa izango duelako pertzepzio orokorra ikusita, azken hemeretzi urteetako langabeziaren datu global finkatuak aurkeztu zituen, eta baieztatu zuen inoiz ez dugula izan hainbeste teknologia (…), ezta hain langabezia gutxi ere, eta azpimarratu zuen egungo joera teknologia epe laburrean gehiegi balioestea dela, epe luzean arreta handiagoa jarri beharrean.
Gaineratu zuenez, adimen artifizialaren bilakaera XX. mendearen 50eko hamarkadaren erdialdean hasi eta azken urteotan izandako bizkortzea izugarriak direnez, gero eta azkarrago sartzen da gizartearen errealitatean, maila guztietan; eta, oraindik bidea egiteko dagoen arren, epe labur eta ertainean aldaketa handiak egiteko prestatu beharko dugu. Gizarte- eta lan-arloko arrisku posibleetako bat teknologizazioaren prezioari lotuta dago, eta horrek klase aberatsenetara teknologia hori gehiago iristea eragin lezake.
Azken batean, amaitu zuen, inoiz ez da izan orain bezainbeste teknologiarik. Eta inoiz ez da orain bezainbeste enplegu eta oparotasunik izan. Kontua da teknologiak ematen dizkigun aukerak aprobetxatzen saiatzea.
Hitzaldia amaituta, erakunde babesleetako bosten ordezkariek — Bizkaiko Foru Aldundia, Lanbide, Bilboko Udala, BBK Fundazioa eta Cadena Ser — adimen artifizialak lan-merkatuan duen eraginari buruzko solasaldia izan zuten. Laburbilduz, ondorioztatu zuten gizarte-pertzepzio subjektiboa ziurgabetasunekoa bada ere, enpleguari buruzko errealitate objektiboa oso positiboa dela une honetan; etorkizunera begira, titulazio guztiek adimen artifizialeko eta teknologiako gaitasunak izan beharko dituztela. Bestalde, Foru eta Udal Administrazioko bi ordezkariek azpimarratu zuten erakunde horiek langile klasearen eta enpresa beharren arteko zubi gisa jokatzen dutela aldaketa horiei aurre egiteko.