Bilbo gazteentzat

Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea

Pandemiak behartutako geldialdiaren ondoren, Deustuko Unibertsitateko Enplegu eta Ekintzailetza Foroa berri ona dugu, berriro ere, Bilborako eta bertako gazteentzat. Udaletik gure gazteengana hurbiltzearen aldeko apustua egiten dugu, haiei entzun eta haien kezka edo asmoei irtenbidea eman ahal izateko. Aurtengo egoerara egokitu beharra izanik ere, foroa oso ekimen aberasgarria da, bai gazteentzat eurentzat eta bai egungo beharrizanei erantzuteko gai izango diren profesionalak behar dituzten erakundeentzat ere.

Gaztediarentzat, enplegua da kezkarik handienetarikoa eta, zelan ez, gure egitekorik handienetariko bat ere bai, gizarteratzeko tresnarik garrantzizkoena dela kontuan hartzen badugu. Gure bizitzako eta lanbideko proiektua garatzeko modua ematen digun tresna da. Beraz, alkate naizen aldetik, Udalaren ateak zabalik jartzen ditut zuen kezkak entzuteko, zuen etorkizunean laguntzeko, Bilboren etorkizunarekin parez pare diseinatuta joango baita zuen etorkizun hori, seguru asko. Gainera, erakunde bateko arduradun izan naizen urteetan, kalitateko enplegua sustatzen duten politikak bultzatzearen aldeko konpromisoa hartu dut, enplegagarritasuna hobetzera bideratutako programak bultzatzekoa eta, jakina, talentua Bilbon sortu eta bertan mantentzekoa.

Konpromiso horren erakusgarri, hor ditugu “Bilbao Gazteak Sortzen” bezalako proiektuak, neska-mutilak lan merkatura hurbiltzeko eta haien gaitasunak eta laneko profilak egokitzeko eta enplegu aukerak aprobetxatu ahal izateko. Gazteen Enplegu Planak ere erraztu egiten dizkie gazteei enplegu aukerak hiriko proiektu estrategikoekin zerikusia duten enpleguetan. Eta BIG Bilbao Ekintzailetra Zentroak ere beharrezko laguntzak eskaintzen ditu ekintzailetza arloan, negozio berriak sortzeko eta sendotzeko. Hartara, haien enpresa proiektua martxan jarrita ekin nahi dutenei lagunduko diegu.

Enpleguak talentua behar du. Gure gazteen talentua sortu eta bertan mantendu nahi dugu, eta, horrekin batera, ezagutza eta bikaintasuna bilatzen dituzten gazteak ere erakarri nahi ditugu, gure jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Mundu gero eta lehiakorragoan eta aldakorragoan, ezinbestekoa da gure hiriaren etorkizuna sendotzea, negozioak eta enpresak erakartzeko, eta arlo horren abangoardian sendotzeko, pertsonarik lehiakorrenak behar ditugu. Horrek guztiak ospe handiko unibertsitate sarea behar du, prestakuntza, gaitasunak eta balioak eskainiko dituen unibertsitate sare berritzailea. Orain, gure erronkarik handienetako bat Bilbao Unibertsitate eta Jakintzaren hiri gisa sendotzea da.

Zorionez, 130 urte baino gehiago dira Deustuko Unibertsitatea dugula. Bertako geletatik atera dira maila akademikoan, enpresan eta erakundeetan izen handiko pertsona izatera iritsi direnak. Deustu, hala ere, ez da bakarra. Gure hiria Euskadiko unibertsitate eta goi mailako beste zentro batzuen egoitza ere bada. Batzuek Zorrotzaurre eta inguruak aukeratu dituzte egoitza izateko, bestela esanda, gure hiriaren oraina eta etorkizuna. Espazio horretan hasi dute ibilbidea bideojokoen unibertsitateak, DigiPen Bilbaok, eta diseinuaren unibertsitateak, IED Kunsthal Bilbaok. Horiei beste fakultate eta toki batzuk bilduko zaizkie, denen artean industria eta proiektu berrien ekosistema bat sortzeko. Horretan guztian gazteek, batez ere, protagonismoa izan dezaten nahi dugu.

Nazioarteko talentuarentzat hiri erakargarri gisa kokatu nahi dugu, enpresa eta ekintzailetza ehunarekin harreman estuan. Hiri modernoa, berdinzalea, berritzailea, jasangarria eta balioduna izan nahi dugu, giza garapenerako eta lanbiderako beharrezko baldintzak izango dituen tokia. Denon artean, gazteekin eta gazteentzat pentsatutako Bilbao.