«Gazteen enplegua da gure lehentasuna»

José María Guibert, SJPandemia globalak eragin duen krisiak indartu egin du enpleguaren etorkizunari begirako ziurgabetasuna eta, bestalde, enpresen kontratazio beharrak ere aldatu egin dira. Krisiaren ondorioz langabezia hazi denez, are eta nabarmenagoa gertatzen da pertsonen enplegagarritasunean inbertitu beharra. Unibertsitateak bere esku dagoena egiteko konpromisoa du arazo hori arintzeko. Enpleguaren erronka eta, bereziki, gazteen enpleguarena, lehenetsitako helburu bat da, denok kezkatu eta arduratu behar gaituen gaia.

Konpromiso horren erakusgarri bat Enplegu eta Ekintzailetza Foroa da, aurten hamaseigarren ediziora heldu dena. Aurten, COVID-19ak eragin duen egoera dela eta, formatu birtualean egingo dugu, martxoaren 3an eta 4an.

Foroari esker, sektore eta herrialde askotako 100 erakundek eskaintzen dituzten aukerak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira. Enpresen eta erakundeen laguntza eta babesa ditugu.

Ekonomiak bizi duen inguru konplexu honetan, lehen kontuan hartzen ez ziren profesionalak kontratatzeko beharrizanak sortu dira. Azken urtean, 500 konpainiak baino gehiagok argitaratu dituzte Unibertsitatearen Enpleguko atarietan lan eskaintzak. Belaunaldi berriek ziurgabetasuneko egoerei aurre egiten laguntzen dieten lanbideko gaitasunak garatu dituzte, ezinbestekoak aurrera egiteko.

Gure ikasleak bultzatzea, garapen profesionalean ematen diegun laguntzaren bitartez, funtsezko lehentasunetariko bat da Deustuko Unibertsitatearentzat. Ahalegin guztia egiten dugu zuen enplegagarritasuna hobetzen. Horretarako, laneratzeko aukera gehiago eta hobeak eskaini nahi dizkizuegu, bai aurten ikasketak amaitzen dituzuenoi, bai arinago amaitu dituzuenoi; lanbideko aholkularitza pertsonalizatuari denbora gehiago eskaini nahi diogu orientatzaile eta aholkularien laguntzaz; prestakuntzako jarduerak sustatzen ditugu, lan munduan lehenengo urratsak ematen ari zaretenontzat; ekintzailetzako proiektua garatzeko asmoa duten pertsonei laguntzeko ekimenak sustatzen ditugu; eta hurbiletik artatzen ditugu enpresa laguntzaileen beharrizanak eta eskaerak.

Ziurgabetasun eta eraldaketa garaia bizi dugu, erronka ukaezinak sortzen dizkiguna, baina gai izan behar dugu aukerak ikusteko.

Zain izango gaituzue.

José María Guibert, SJ

Deustuko Unibertsitateko errektorea

Errektoreordeak eta Dekanotza-Taldeak enpleguaren arloko erronkak azaltzen dituzte

«Lagun egitea helburu, pertsonen lanbideko garapenerako»

Gure Unibertsitatearen asmoa pertsonei lagun egitea da bizitzan zehar dituzten aldaketa prozesuetan, gaitasunetan (ezagutzak) eta jarreretan (balioak) garatu eta hazi daitezen eta enplegagarritasunean islatu dadin.

Lagun egiteko prozesu horren oinarrian ikaskuntza prozesuekin dugun konpromisoa dago, diziplina artekotasuna eta osagarritasuna sustatzeko, beharrezko sendotasun eta malgutasunaren eskutik. Horri esker titulazioen mapa bizia dugu, testuingurura moldatua, etorkizunera begira dagoena eta etengabe eguneratzen dena.

Ikaskuntza prozesu horietan, ekonomia eta gizarte eragileen lankidetzak sekulako garrantzia du asmo handiko praktiken politika garatzeko eta konpromiso estrategiko argia eta erabakigarria izateko titulazio dual berriak ezartzearekin. Horretan guztian azpimarratu behar da zeharkako gaitasunetako prestakuntza eta hizkuntzen erabilera. Biak ala biak garrantzi handiko alderdiak dira enplegagarritasunari begira, mundu globalizatu eta etengabe aldatzen ari den honetan.

Azkenik, azpimarratu behar da bizitzan zeharreko laguntza horrek pertsonen lanbideko garapena duela ardatz eta aparteko garrantzia ematen diola lehenengo lana topatzeari, enplegagarritasunean garrantzizko mugarri baita.

Víctor UrcelayDeustuko Unibertsitateko errektoreordea

«Teologoak behar dira, zalantzarik gabe. Baina Teologia ezagutzen duten profesionalak ere behar dira»

Teologia eta enplegagarritasuna ez dira normalean lotzen. Baina gero eta arruntagoa da onartzea prestakuntza teologikoak areagotu egin dezakeela lanbideko titulazio askoren enplegagarritasun ahalmena. Gertaera erlijiosoak gaur egungo errealitatearen eta beraren bidegurutzeen berri ematen du, besteak beste. Hona hemen datu bat: gizateriaren gehiengoa erlijiosoa da. Gizarte horretan egin nahi diren eraldaketek ez lukete hori alde batera utzi behar. Beraz, gizateriaren alderdi erlijiosoaren berezitasuna, egungo munduaren erronken sustraietan eta garapenean dagoela onartzea eta hori ulertzeko elementuak izatea beharrezko gaitasunak dira jakintza arlo askotan.

Ez da arraroa, horregatik, Teologiak elkarte erlijiosoetatik harantzago ere garrantzia izatea. Giltzarri interesgarriak ematen ditu bere ikuspegia emateko eskatzen zaion tokian. Harrigarria da zenbat gaitan duen zeresana: zelan planteatu osasuna humanizatzetik hasi eta nazioarteko lankidetza goitik behera bideratzera, elkarrizketarako bide berriak pentsatu eta kultura ugariko hirietako bizikidetza erlijiosoa alde batera utzi gabe. Milaka urteko jakituriaren moldakortasunaren adibideak baino ez dira, edozein lanbide aberasten dutenak,, bokazioko sakontasunez egin nahi izanez gero. Teologoak behar dira, zalantzarik gabe. Baina Teologia ezagutzen duten profesionalak ere behar dira.

Francisco José Ruiz Pérez, SJTeologia Fakultateko dekanoa

«Aldatzen ari den munduak galdera eta beharrizan berriei erantzungo dieten pertsonak behar ditu»

Inguruaren konplexutasuna zorroztasunez analizatzeko eta gizarte moduan aurre egingo diegun erronka berriei irtenbideak proposatzeko gai izango diren pertsonak behar dituzte enpresek, erakunde publiko nazional eta internazionalek eta hirugarren sektoreak.

Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, gure garaiko ezaugarri diren aldaketa azkarrak ulertu eta erantzuten lagunduko duten profesionalak prestatzen ditugu. Lankidetza sareak zabaltzeko erronka geure gain hartzen dugu nazioarteko mugikortasunean eta praktika akademikoetan; prestakuntzaren eta lanbideko praktikaren arteko lotura sendotzen dugu, gure klaseetan profesionalen presentzia areagotuz eta ikasketen amaierako lanak benetako beharrizanei lotuta eginez, eta lan esparruan funtsezko diren gaitasunak jasotzea erraztuko duten prestakuntzako metodologiak indartzen ditugu.

Javier ArellanoGizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa

«Gizarteak gure erronkei erantzungo dieten legelariak behar ditu»

Gure erronka da digitalizazio, gizarte globalizazio eta ekonomia arloetan gertatzen ari den aldaketa azkar baino azkarragoari erantzuteko gai izango diren legelariak prestatzea. Adimen artifizialak dagoeneko aldatu du bulego askotako barne funtzionamenduko prozesu asko, datuetara eta informazio juridikora jotzeko modua. Zuzenbidea gizartetik oso hurbil egongo den eran irakatsi behar da, egungo arazoei segurtasun juridikoz erantzuteko gaitasunak eta trebetasunak emanez.

Gema TomásZuzenbide Fakultateko dekanoa

«Lehenengo momentutik lagun egiten dizuegu, geletatik lanpostura pasatzeko»

Deustuko Unibertsitatean goi mailako kualifikazioa duen giza taldea dugu, ikerketa eta irakaskuntza bateratzen dituena. Aurrerakuntza zientifikoan ekarpena egiteaz arduratzen gara, baina irakaskuntzarako eta profesionalak prestatzeko bokazioan ikusten dugu ezagutza gizarteratzeko biderik onena.

Psikologia eta Hezkuntza Fakultatearentzat lehentasuna hauxe da: gure geletatik pasatzen direnek aurkitu dezatela beren lekua lanbidean. Gure ikasleak heldu baino lehen ere pentsatzen dugu zelan lagundu bide horretan. Praktikak funtsezkoak dira karreran zehar, klaseetan ematen den prestakuntza biderkatu egiten baita ikasleak lanbideko praktikan murgiltzeko aukera duenean. Behar-beharrezkoa da, gainera, aparteko laguntza ematea eta horixe da gure konpromisoa.

Josu SolabarrietaPsikologia eta Hezkuntza Fakultateko dekanoa

«Enpresen hurbiltasunak bultzatu egiten du zure lanbideko esperientzia»

Deusto Business Schooleko ikasle guztiak –500 inguru urtero– lanbidera begirako prestakuntzako esperientzia bat izaten dute, gure Graduko eta masterretako titulazioetako nahitaezko praktiken bidez. Horrek, inolako zalantzarik gabe, erraztu egiten die gure tituludunei lan merkatura sartzea.

Enpresa ehunarekin dagoen lotura eta konpromisoa Deusto Business Schoolen ardatz estrategikoa izan da iraganean, izaten ari da gaur egun eta izango da etorkizunean ere, nazioarteko enpresen, startup-en eta abarren zorroa zabaltzeko

Álvaro de la RicaDeusto Business Schooleko dekanoa

«Gero eta teknologikoagoa den munduak inoiz baino ingeniari gehiago behar ditu (gizonezkoak eta emakumezkoak)»

Ingeniaritzaren esparruan bi erronka bereiziko nituzke enplegagarritasunari dagokionez. Lehenengo eta behin, profesionalen eskaera eskaintza baino askoz handiagoa den sektorean, bokazio zientifiko-teknologikoak garatzea funtsezkoa da gazteen artean. Beste alde batetik, inguru oso aldakorrean gaude murgilduta eta iraganeko, egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko gai diren profesionalak prestatzea sekulako erronka da.

Etorkizuneko ingeniariek, nahitaez, aldaketetara egokitzeko gaitasun handia, ingeniaritzako eta beste arlo batzuetako diziplina desberdinen arteko ezagutzen hibridazio egokia egiteko erraztasuna eta teknologia digitaletako gaitasun sendoa izan behar dute. Unibertsitateko prestakuntzako hasierako etapetako eta bizitzan zeharreko prestakuntza osoan zehar, unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza eraginkorra funtsezko tresna da enplegagarritasunerako.

Asier PerallosIngeniaritza Fakultateko dekanoa