Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea

Gazteak eta zerbitzu aurreratuak: Bilbo eraldatzen duen tandema

Inoiz ikusi gabeko abiadan aldatzen ari den munduan, unibertsitateko enpleguaz hitz egitea ez da soilik laneko estatistikez hitz egitea; eraldaketaz, talentuaz eta etorkizuna ulertzeko modu berriez hitz egitea da; eta, etorkizun horretan, Bilboko gazteek zeresan handia dute. Gaur egun, enpresek profil tekniko edo espediente bikain soilak baino gehiago bilatzen dute: egokitzeko, ikasteko eta berrasmatzeko gai diren pertsonak nahi dituzte. Jakin-mina, sentsibilitate digitala, begirada kritikoa eta merkatuaren benetako beharrei erantzungo dieten irtenbideak eraikitzeko gogoa dutenak.

Unibertsitateak funtsezko zeregina du prozesu horretan, pentsamendua lantzen den ingurunea baita, baina baita ekintza jorratzen dena ere; bertan ikasten da taldean lan egiten, zalantza egiten, berritzen eta mundu akademikoaren eta Bilboko enpresa-sarearen arteko zubia eratzen.

Gazteei adi entzuteak gizarteak norantz joko duen ulertzeko bidea eman diezaguke: proposamenak, interesak, itxaropenak, motibazioak… eta, hortik abiatuta, aukera erreal eta iraunkorrak elkarrekin eraikitzeari ekin. Kalitatezko jardunbideez ari gara, baterako proiektuez, ekintzailetzaz, berrikuntza irekiaz, unibertsitateak eta enpresak elkar aurkituko duten helmugaz. Belaunaldi berriengan konfiantza duten erakundeez ari gara, eta konpromisoz eta egokitzeko gaitasun handiz erantzuten duten gazteez.

Bilbon, duela gutxi, Tokiko Enplegu eta Garapenerako lehenengo Mahaia sortu dugu, Euskadiko 24 eragilek osatua, elkarlaneko gobernantza-eredu batean oinarritua. Mahai horrek enplegu-politika eraginkorrak diseinatuko ditu plan estrategiko baten laguntzaz eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, gure herritarren eta gazteen beharrei erantzuteko. Paradigma berri horrekin, Bilboko Udala hiriko enpleguaren sustapenaren eragile nagusi bihurtu da eta, horrekin batera, gazteentzat aukerak sortzeko eta Bilboko sare ekonomikoaren lehiakortasuna indartzeko konpromisoa hartu dugu, ikuspegi zabal, zeharkako eta integratzaile batetik. Enplegu jasangarria eta kalitatezkoa sortu nahi dugu, bai eta tokiko ekonomian ekintzailetza eta dibertsifikazioa sustatu ere.

Une erabakigarrian gaude, Bilbo zerbitzu aurreratuetan erreferentziazko hiri izan eta posizioa sendotzen ari baita, ezagutza, teknologia, sormena eta enplegu kualifikatua uztartzen dituen hirirako sektore estrategikoa, gure gazteentzako aukera-aukerako sektorea. Bilbok Euskadiko zerbitzu aurreratuetan dagoen enpleguaren % 28 inguru biltzen du , eta indartu egiten du balio erantsi handiko talentu- eta jarduera-gune gisa duen eginkizuna. Datu horiek erakusten dute gaur egun sektore hori dela hiriko lehiakortasunaren eta eraldaketa ekonomikoaren eragile nagusietako bat.

Hemendik aurrera, zerbitzu aurreratuen hub gisa dugun tokia sendotuko dugu: Bilbok zerbitzu aurreratuen hiri izan eta horretan hazten jarraitzeko tresnak, talentua, eragileak eta ikuspegia ditu eta Enplegu eta Tokiko Garapen Planarekin enplegagarritasuna indartzea eta profil kualifikatuak erakartzea eta fidelizatzea, ekintzailetza eta ezagutza-enpresa berrien sorrera bultzatzea, hiri-berrikuntzako ekosistemak finkatzea, eta unibertsitateen, industriaren, zentro teknologikoen eta enpresa-sarearen arteko lankidetza estutzea lortuko du.

Harrotasunez diot Bilbok osagai horiek guztiak dituela eraldaketa lagundu ez ezik bultzatu ere egiten duen hiria izateko. Horregatik, funtsezkoa da sareak ehuntzen jarraitzea, aukerak sortzea eta gure unibertsitateetatik sortzen, hazten eta proiektatzen den tokiko talentuaren alde apustu egitea eta horretan irautea.