Gazteak. Eraldaketen protagonistak.
Teresa Laespada. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatua
Gaur duela urte batzuk baino gehiago eta hobeto bizi gara. Belaunaldi berriek, zailtasunak zailtasun, kalitate handiagoko, ongizate handiagoko eta babes hobeko sistema ekonomiko, politiko eta soziala dute. Baina izugarri gizarte zahartua gara. 2002an, 64 urtetik gorako 100 pertsonako 110,3 gazte zeuden; gaur egun, 60,5 dira.
Euskadiko gazteak biztanleria osoaren % 14 baino gutxiago dira gaur egun. Azken bi hamarkadetan, gazteen populazioa 100.000 pertsonatan murriztu da. Baina haur eta nerabeei begiratuz gero, 1981ean genuenaren erdia baino gehiago dugu. Gazteen kopuruak nabarmen egin du behera, eta bizi-itxaropena nabarmen luzatu da, luzaroago bizi gara. 65 urtetik gorakoak euskal biztanleriaren % 24 dira.
Herrialdea “japoniartzeko” arriskua dugu, Zedarri euskal gizartearen eta enpresaren foroak berriki egindako txosten batean ohartarazi zuenez. Hau da, gure pisu ekonomikoaren murrizketa izateko arriskua hor dugu (Japonia 1990ean munduko BPGaren % 17 izatetik, 2020an % 7 izatera igaro zen), lan-indarraren galera bortitz baten ondorioz.
Horri guztiari, alde egin nahi duten gazteak gehitu behar dizkiogu. EAEko 10 gaztetik sei Euskaditik kanpo emigratzeko prest egongo lirateke, lan interesgarri bat eskainiko baliete. Azken hogei urteetako ehunekorik altuena da, “Euskadiko Gazteak 2020/2021” txostenaren arabera.
Mundu osoan zalantzazko testuinguruan, zorabiatzeko moduko abiaduran ematen diren trantsizioen (teknologiko-digitala, berdea eta sozial-demografikoa) eta “polikritisien” testuinguruan gaudelarik, aurreko datuek hausnarketa sakona eskatzen dute, ikuspegi politikotik eta gizarte osoaren ikuspegitik.
Izan ere, belaunaldi gazte hau eraldaketa handien protagonista izatera deitua dago. Beste gai nagusi bat ere badago: trantsizio sozial garrantzitsu batean gaude, garai aldaketa bat izan daitekeen batean, lidergo indartsu, zentzudun eta jasangarria eskatzen duen garaian. Eta gazte gutxiago izateak garapen txikiagoa eta lidergoa galtzea dakar.
Eta pentsatu behar dugu nola erakar dezakegun jendea, zer egin dezakegun belaunaldi horrek euskal gizartean eta lan-munduan parte hartze eta inplikazio handiagoa izan dezan. Kontua ez da gazteei partaidetza ematea, baizik eta belaunaldi oso ugari baten jakinduria, nirearena eta aurrekoena, hain ugaria ez den baina ezinbestekoa den belaunaldi baten indarrarekin eta bultzadarekin bateratzeko modua topatzea. Aspaldian arrastaka daramatzagun adin-hesiak apurtzea da kontua, nire belaunaldiak inposatu zituenak. Kontua da -berriro- belaunaldien artean partekatutako espazioak berreskuratzea, adinaren araberako bereizketak lausotuz, aisialdiko espazio bereiziak, adinekoak ikusezin bihurtzen dituzten jarduerak, edo adinekoen eta gazteen arteko banaketa dakarren oro ikusgaitz bihurtuz.
Gaur egungo gazteok aldatu egin duzue enpleguarekin duzuen harremana. Atzean geratu zen bizitza osorako lana. Talentua gero eta exigenteagoa da lanbideko eta bizitzako proiektuetan. Dagoeneko ez duzue onura bakarrik bilatzen, proiektu komun baten partaide sentitu ahal izateko baldintzak eskatzen dituzue. Gizarte eta ingurumen gaiei buruz gehiago egiteko eskatzen duzue: klima-aldaketatik eta desberdintasunetik hasi eta aniztasunera. Lan-ingurune osasungarriagoak bilatzen dituzue, ongizateak garrantzi handiagoa duelarik. Azken batean, zer egiten duzuen eta zertarako egiten duzuen oso kontuan hartzen duzue. Eta begirada jaso behar dugu zuen eskaerei erantzuteko. Eta hor, elkar aurkitu behar dugu. Enplegua hainbat belaunaldik elkarrekin esperimentatzeko eta elkar ulertzeko ingurune bat da.
Itun sozial bat behar dugu belaunaldien arteko ekitatea lortzeari ekin ahal izateko, adin guztietako jendearentzako gizartea lortzeko, eta adin guztietako jendeak osatzen dituen erakundeak izateko, belaunaldien arteko aniztasuna kudeatuz.
Eta aniztasunaz ari garela, esan behar dugu gure gizartean oso leku desberdinetan jaiotako pertsonak batzen ari direla. Hori da jasaten ari garen bigarren eraldaketa nagusia. EAEko gazteen % 14,5 atzerrian jaiotakoak dira. Eta aukera eta baldintza berdinekin laneratu behar ditugu. Horretarako, aurrebanaketa justizia unibertsaleko elementutzat hartu behar da, eta aukera berberak izateko beharrezkoak diren mekanismo guztiak landu behar dira.
Horregatik, jendearengan, pertsonengan eta haien gaitasunetan inbertitzearen alde egiten dugu, are gehiago Gaitasunen Europako Urtean. Ziur gaude inbertsiorik onena dela, zenbat eta gaitasun gehiago eta merkatuaren eskakizunetara egokituagoak izan, orduan eta erresilientzia handiagoa adierazten duelako.
Horregatik, asko begiratzen diogu lan-merkatuak eskatzen duenari, eta prestakuntza planak eta laneko orientazioa euskal enpresek behar dutenera egokitzen dugu. Eskaera eta eskaintza berme guztiekin doitzeko moduko langabezia-tasak ditugu. Eta horretan ari gara LANBERRI, GAZTEON eta 3R GAZTEA programekin, kontrataziorako laguntzekin eta gure DEMA Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziaren bidez (Zubilan, Emalan, Laborlan). Hori guztia eskuragarri dago hemen: portaldeempleodebizkaia.eus.
Eta erakundeak birsortzea babesten dugu, inpaktua duten enpresak lortzeko, horizontalagoak eta irekiagoak; ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren balantze hirukoitzak kezkatuta; desberdinak, lantoki desberdinekin, coworking-ean ikusten dugun bezala, metodologia bizkorrak eta egitura irekiak; baita ekonomia berriak deiturikoetan ere: zirkularra, kolaboratiboa, makerra, “denen ongiarena”.
Ekitea ere balio ekonomiko eta soziala sortzeko irtenbidearen zati bat da. Horrela ulertzen dute Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailetik urtero babesten ditugun 1.000 proiektu berri baino gehiagok, eta NEGOZIONen laguntzarekin “berrabiarazitako” negozio bideragarrietarako belaunaldien arteko erreleboko proiektuek ere.
Horretan ari gara. Hemen dugu gure ibilbide-orria, hau da, enpleguko lehenengo foru plana. Tresna horrek gidatuko gaitu 2023ko amaierara arte. Badakigu zer erronka ditugun aurrean, laneragarritasuna defendatzeko, bultzatzeko eta hobetzeko; trantsizio hirukoitzari, berderi, digitalari eta sozialari modu bidezkoagoan eta bermeekin aurre egiteko.
Pertsonak gara lehenengo, adin guztietakoak.